XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zein dira, ordea, euskarari dagokionez sexistatzat jo ditzakegun egiturak?

Bi sailetan banatuko ditut goraxeago egin dudan bereizketaren arabera.

Lehen sailean, azken batean egitura oker edo agramatikaltzat hartuko genituzkeenak ditugu, emakumea izkutuan utziko ez balute ere gaitzestekoak direnak:

1. Azken urteetan, seguruenik ondoko hizkuntzen eraginez, betiko bikote-izenak (dvandvak) alde batera utziaz, *aitak, *erregeak, *semeak, entzun eta irakurri izan dugu behin baino gehiagotan dugu hots, gizonezkoa izendatzen duen izenaz bakarrik osatzen dugu sintagma, emakumea ikustezin bihurtuaz.

Forma jatorrak, noski, gurasoak edo aita-amak, errege-erreginak, eta seme-alabak dira.

Garbi dago, beraz, azken hauek direla erabili beharrekoak.

Euskaltzaindiak berak ere hitz elkartuen gainean emandako gomendioetan ohartarazten gaitu honetaz 4 Ikus Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio-arauak Euskaltzaindiaren Gomendioak eta Erabakiak (II). .

2. Ildo beretik, edo oso antzekotik, hitanoaren erabilera okerraz emakumea isilpean uzten da gaur egun zenbaitetan.

Alde honetatik, hitanoak solaskide bakarra eskatzen duela gogoan izan beharko genuke; horrenbestez, bilera batean hango lagunei zuzentzen gatzaizkienean ezin da hitanoa erabili, esaterako.

Modu berean, publizitate-kanpaina batean, kirola egin ezak ikusten badugu, euskararen erregeletan oinarrituz, mezu hori mutil eta gizonezkoentzat bakarrik dela ulertuko dugu.

Dvandva elkarteetan bezalaxe, erabilera sexistak gorabehera, erabilera okerren aurrean geundeke.

Eta horrelako egitura okerrak ugaltzen ari direla ikusiko balitz, arautu beharreko puntua izango litzateke hau ere.

Beste batzuetan, aldiz, emakumea izkutuan gera ez dadin bultzatu nahi diren egiturek edo hitzek ez dute gramatikaltasunarekin edo agramatikaltasunarekin inolako zerikusirik.

Bestela esan, orain arte tradizioan nagusi izan ditugun egituren gramatikaltasuna ukaezina da.

Hala ere, beste zerbait proposatzen da hizkuntzak emakumea ez diskriminatzeko.

Emakundek emango dituen gomendio horien artean gizon izenaren erabilerari dagokiona da horrelakoa.